MEMORIA HISTORIKOA LANTZEN DBH 4. MAILAN

DBH 4. mailako ikasleek Donostiako oroimen historikoaren ibilbidea egin dute.

 

Geografia eta Historiako klaseetan gerra zibila ikasi ondoren, otsailaren 6an DBH 4. mailako gazteek 1936ko estatu kolpeko eta ondorengo diktadura frankistako Donostiako gune garrantzitsuak ezagutu dituzte.

Ibilbidean zehar geldialdiak egin dituzte hiriko puntu garrantzitsuetan. Easo plazako kioskoan hasi dira, Gerra Zibilaren testuinguru historikoa gogoratuz. Ondoren, Easo kalean, bonbardaketan babesleku izan zen suhiltzaileen eraikin zaharraren sotoa eta "2016 Espazioa" bisitatu dituzte, non, soinuekin eta testigantzekin, donostiarren giroa eta bizipenak birsortu dituzten.

Hurrengo geldialdian, San Jose Ikastetxea, emakumeak giltzapetzeko zentroa izan zena, gidak emakumeen papera, borroka eta errepresioa azaldu dizkie. San Martzial kalean ariketa emozional bat egin dute bonbardaketek kaltetutakoei izena jartzeko eta gerrak Donostiako biztanleria zibilari eragindako kalteak ezagutzeko. Txurruka kalearen eta Askatasunaren Hiribidearen arteko bidegurutzean komunikabide baten bonbardaketaren nondik norakoak ezagutu dituzte, zentsura..., diktadura frankistaren garaiko kontakizun batzuk isilarazteko asmoa agerian uzten duten adibideekin. Jaso duten azalpenean, komunikabideek gatazkan, bandoen hizkuntza eta garai haietan erabilitako terminologian duten garrantzia azpimarratu da.

Maria Cristina hotelean, oraindik ere, inguruko eraikinetako gerra-gertakarien seinaleak ikusi ahal izan dituzte. Nautikoko pasabidetik, Ondarretara begira, ikasleek Ondarretako kartzelako presoen errealitatea ezagutu dute, euren testigantza idatziak oinarri hartuta. Donostiako fusilatuen omenezko eskulturan itxi dute ibilbidea, Goikoa Jauregian.