MARTXOAK 8: ALDARRIKAPEN EGUNA EGAPE IKASTOLAN

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekintza antolatu ditugu HHtik DBHra bitarteko ikasleekin.

Gure Hezkuntza Proiektuan jasota daukagun bezala, ikastolak, ikasleen arteko harremanak berdintasun iraunkorretik sustatzeko konpromisoa du. Hezkuntza ez sexistaren aldeko hautua egiten dugu eta curriculum guztietan zein arlo ez curricularrean genero ikuspegia txertatzen dugu.

Hezkidetza Planean, besteak beste, aldarrikapen egunak prestatu eta lantzen ditugu eta horien artean Martxoak 8 aipatu behar dugu. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekintza burutzen ditugu urtero HHtik DBHra bitarteko ikasleekin. Aurten, jarduera anitzak egin ditugu.

Ostiralean, martxoaren 6an, EMAKUME EREDUGARRIAK lelopean, HH eta LHko ikasle guztiek parte hartuta, horma-irudi erraldoi bat osatu da Egape Ikastola HLHIko frontoian.

Goizean, pultserak egiteko hari more zatiak banatu dira gela bakoitzean. Pultserak egiteaz gain, gela bakoitzak ikasleek eurentzat eredugarri diren emakumeen argazkiekin osatutako horma-irudi zatia prestatu du. 

Arratsaldean, 6. mailako ikasleek bertsoak abestu dituzte “Konplize ditut eta” doinuarekin Martxoak 8 gaiaren inguruan. Bertsoak entzun ondoren, musika lagun izanda, gela bakoitzak bere horma-irudi zatia itsatsi du, horma-irudi erraldoia osatuz. Horma-irudia, hurrengo asteetan zehar, ikusgai izango da ikastetxeko pasabideetan.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxea ere morez jantzi dugu. Batera Gara ikasle taldeak berdintasunaren aldeko hainbat jarduera prestatu ditu. Maila guztietan aurretik prestaketa lanak egiten aritu gara. Martxoak 8 egunari aipamena eginez, txartelak egin ditugu. Hauetako batzuekin herriko panel informatiboak eta eskolako hormak bete ditugu. Astelehenean, berriz, eskolara morez jantzita etorri gara eta saio bat hartu dugu gaia lantzeko. Ondoren, jolasgaraian taldeko argazkia egin dugu.