MARTXOAK 8: ALDARRIKAPEN EGUNA

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekintza antolatu ditugu HHtik DBHra bitarteko ikasleekin.

 

Gure Hezkuntza proiektuan jasota daukagun bezala, ikastolak, ikasleen arteko harremanak berdintasun iraunkorretik sustatzeko konpromisoa du. Hezkuntza ez sexistaren aldeko hautua egiten dugu eta curriculum guztietan zein arlo ez curricularrean genero ikuspegia txertatzen dugu.

Hezkidetza planean, besteak beste, aldarrikapen egunak prestatu eta lantzen ditugu eta horien artean Martxoak 8 aipatu behar dugu. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekintza burutzen ditugu urtero HHtik DBHra bitarteko ikasleekin. Aurten, jarduera anitzak egingo ditugu.

Martxoaren 8aren harira egunari dagokion lanketa egiteaz gain, HH-LHko haur eta langileei morez janzteko gonbidapena luzatu zaie eta M8 mural handi bat osatuko da futbol zelaian. Ikastetxeko eremutik herrira zabalduko dugu aurtengoan Martxoaren 8ko aldarrikapena eta kalejiran aterako gara ikasle eta irakasleak. Guriako plazan elkartuko gara denak eta lau haizetara zabalduko dugu Emakumearen Nazioarteko Egunaren aldarria kantu eta doinuz. Jarraian herriko parte eta txoko ezberdinetan barreiatuko dira eta kantuz eta morez koloreztatzea lortuko dute gure ikastetxeko haur eta gaztetxoek.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxea ere morez jantzi dugu. Batera Gara ikasle taldeak berdintasunaren aldeko hainbat jarduera prestatu ditu. 

DBH 1. mailako ikasleentzat, Isabel Agirresaroberen eskutik ahozko tradiziozko “ipuin kontaketa” antolatu da. Eta ondoren gelan hainbat jolasen bidez gaia lantzen jarraituko dugu. 

DBH 2., 3. eta 4. mailako ikasleentzat, geletan lantzeko ekintzak sortu ditugu: Gurutzegrama feminista, Hitza pasa feminista, Horma-irudien sormena, kontzeptu berrien lanketa… Aldarrikapen eguna izateaz gain, ondo pasatzeko aukera ere izango dugu. 

Geletan lanketa egin ondoren, guztiok patiora aterako gara eta argazki erraldoi bat egingo dugu. 

Azkenik, ikasleei zuzendutako argazki lehiaketa antolatu dugu “Urnietako emakumeak, protagonista” gaitzat hartuz. Martxoaren 8tik 12ra aurkeztu beharko dira lanak, eta sariak ere izango ditugu banatzeko.