LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekintza burutu ditugu aste honetan Egape Ikastolan.

Pasa den apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna izan zen. Aurtengoan oporretan harrapatu gaitu egun horrek, baina hala eta guztiz ere, ez diogu hutsik egin eta hainbat ekintza burutu ditugu aste guztian zehar. 

Jarduera horien artean, besteak beste, hizkuntza ezberdinetan egindako ipuin kontaketa saioak, ikasleen artean edota irakasle trukea eginez, baita familikideek kontatutako ipuin saioak ere. Maite Franko ipuin kontalaria ere bisitan izan dugu eta baita Nerea Loiola idazlea ere. Etxeko ipuin eta liburu kuttunak gelara ekartzeko aukera ere izan dute txikienek eta LH5 eta LH6ko ikasleek liburu trukea egin dute. Liburuen mundu magikoan murgilduta ibili dira beraz, gure ikasle eta irakasleak, hizkuntza ezberdinetan hainbat istorio entzunez eta gozatuz. Eta hizkuntza horien artean, baita euskaraz ere, euskal autoreen liburuak eta euskarazko ipuinak ikasleen artean ezagutarazteko parada izan dugu eta bide batez, etxeetan ere euskarazko liburuen aldeko hautua egitea bultzatu nahi izan dugu.