LH 2. MAILA: AIZKORAGILEARI BISITA

Lanbideen gaia jorratu genuela aprobetxatuz, bigarren mailako ikasle eta irakasleak aizkorak nola egiten diren ikustera joan ginen.

Horretarako, Urnietako aizkoragilearengana joan ginen, Joxe Ramon Jauregiren lantegira hain zuzen ere. Berak egiten dituen aizkora motak munduan bakarrak dira eta ez dira beste inon ere egiten.

Iritsi ginenean, gure zain zegoen azalpena emateko eta oso modu errazean eta pausoz pauso aizkora bat nola egiten duen azaldu zigun.

Lehenengo, suaren laguntzaz burnia nola biguntzen duen erakutsi zigun. Horretarako, sua ikatzarekin egiten du eta ikatza naturan non aurkitzen den eta nola egin daitekeen azaldu zigun ere.

Aizkora egiten hasteko, burni zati bat hartu zuen eta sutan jarri zuen. Denbora pixka bat pasa ondoren, burnia atera zuen eta… gorri-gorri zegoen!

Ondoren, burniari forma nola ematen dion azaldu zigun. Hasieran, mailu txiki batekin aritu zen eta gure begien aurrean, gorritutako burniari forma borobila eman zion, magia zirudien! Hala ere, beste mailu handiago bat ere bazuela esan zigun eta martxan jarri zuen, benetan ikusgarria izan zen!  Mailu erraldoiaren laguntzaz aizkoraren beheko aldea zapaldu zuen eta jarraian, burnia hozteko, uretan sartu.

Hurrengo pausoa, aizkora zorroztea dela esan zigun eta ondoren kirtena jartzea. Horretarako, kirtena ondo sartuta geratzeko, makina bat erabiltzen du eta hura nola funtzionatzen zuen ere, erakutsi zigun. Pauso hori azkena da eta modu horretara, aizkora guztiz bukatuta geratzen da.

Hasieratik bukaeraraino arreta handiz entzun genituen eman zizkigun azalpen guztiak. Lanbide berri eta interesgarri bat ezagutu genuen. Benetan,  berehala ez ahazteko moduko esperientza izan zen!

Mila esker Joxe Ramon Jauregi zure lantegia erakusteagatik eta zure lanbidea gurekin partekatzeagatik!