LH 2: IKASTURTE BUKAERAKO IRTEERA

Ekainaren 20an, ikasturteari bukaera emateko, 2. mailako lagunok Donostiara joan ginen.

Hasierako asmoa Urgull mendira joatea bazen ere, eguraldia ikusita, plana aldatu eta hiriko toki ugari ezagutu genuen. Iritsi bezain pronto, izugarrizko zaparradak ongi etorria eman zigun. Horrek lur azpiko aparkaleku bat ikusteko aukera eman zigun. Atertu zenean, Gipuzkoako plazara abiatu ginen eta hango beltxargak ikusi genituen. Hamaiketakoa egiteko, Alderdi Ederreraino iritsi ginen eta bertako parkean jolasean ibili ginen. Jarraian, hondartza aldera abiatu ginen. Hantxe primeran pasa genuen hondarrarekin jolasten. Bazkaltzeko garaian, Konstituzio Enparantzara abiatu ginen eta bertan, etxetik ekarritako bazkari goxoa jan genuen. Indarrak hartuta, Aquariumera joan ginen eta bisita gidatuaren bitartez hango arrainei buruz gauza asko ikasi genituen.

Bukatzeko, Paseo Berrian autobusa hartu eta etxera itzuli ginen poz-pozik. Egun zoragarria izan zen!!!