KLARAREN ERRETIROA

Martxoaren 8an Klara Tapia Galarzari jolas-garaian omenaldi xume bat egin diogu bere erretiroa dela eta.

 

21 urtez Egape BHIko irakasle izan dugun Klara Tapia Galarzak ongi merezitako erretiroa hartu du aste honetan. Euskara arloko irakaslea izateaz gain, azken urteetan Hizkuntza Normalkuntza Planaren (HNP) arduraduna izan da eta 21 urte hauetatik askotan tutore ere.

Hasiera-hasieratik Egapeko Proiektuarekin bat egin du. Euskara irakasle bezala beti euskararen aldeko sentsibilizazioa nabarmena izan du eta bere lana eta inplikazioa goraipatu behar ditugu une hauetan. Bestalde, berrikuntza ezberdinen aurrean jarrera irekia agertu du eta bere prestutasunari esker elkarlanean gustura aritu gara.

Orain iritsi zaio merezitako erretiroa. Bere azken lan egunean omenaldi xume bat egin diogu gure esker ona adieraziz. Honela jolas-garain DBH 3. mailako Egape dantza taldeko kideak koreografia berezi bat dantzatu diote eta berarentzat sortutako bertso sorta guztion artean abestu dugu.

Ibilibide berri honetan zoriontsu izan dadin opa diogu.