JULENE VALMAÑA, GURE HIZKUNTZA LAGUNTZAILEA

Aurten, hizkuntza laguntzailea AEBetatik etorri zaigu, Miamitik hain zuzen ere, DBHko ikasleekin ingelesez hitz egin eta ikasleen ahozko jarduna lantzera.

Egapek hizkuntza laguntzaile bat izan du azken zazpi urteetan, ikasleek hartu-emanak ingelesez ahalik eta era naturalenean izaten laguntzeko. Iaz Naoimh Fleming izan genuen bezala, aurten Julene Valmaña dugu gure artean. Miamiko neska gazte bat da, eta bere izen euskalduna gurasoei zor die, ama Tolosakoa eta aita Zaldibarkoa baititu. 

Hasierako aurkezpenean, Julenek Miamiren berri eman zigun, eta AEBetan zer-nolako bizimodua duen azaldu zigun. Era berean, Julenek tour birtual bat antolatu zien ikasleei, Miamira joanez gero zer leku bisitatu behar dituzten erakutsiz ikasleei. Horrek ideia bat eman zigun, eta orduan guk berari antzeko zerbait egin genion: ikasleek tour bat prestatu zuten, eta Urnietako leku esanguratsuenak edo aipagarrienak erakutsi zizkioten Juleneri. 
Beste zenbait saiotan, Julene ikasleak lantzen ari ziren gaira egokitu da, eta une oro prest azaldu da ikasleak laguntzeko. Ikasleak oso gustura egon dira Julenerekin, eta oso ongi moldatu dira harekin. Hain ondo, ezen Julene izotz jauregira ere joan baitzen ikasleekin, baita Valdezkaray eski estaziora eskiatzera ere. Oso ondo integratu da gure artean, bai irakasleekin, bai ikasleekin. 

Zorte onekoak gara gure hizkuntza laguntzaileekin, eta esperientzia paregabea da gure ikasleentzat.