IKASTURTEKO LEHEN OOG BILERA

Azaroak 17an, 2021-2022 ikasturteko OOGko lehen bilera egin genuen Lekaion.

Ordezkarien Organu Gorena ikastetxeko erabaki garrantzitsuenak hartzeko erakunde nagusia da eta ikasturtean gutxienez hiru aldiz biltzen da. 

Egape Ikastolan ofizialki bereizita dauden bi organu ditugu, bata Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzakoa eta bestea, Bigarren Hezkuntzakoa. Dena den, hasieratik, Egape Ikastola (2-16 urte) proiektua sendotzea izan da gure helburua eta zuzendaritzak elkar lanean aritu diren bezalaxe, ikastolako bi Organu Gorenak ere, egun, ordu eta leku berean elkartzen dira, nahiz eta erabakiak hartzeko garaian legalki Organu bakoitzak bere erabakiak hartu behar izatea.

Beraz, azaroak 17an, 2021-2022 ikasturteko lehen bilera egin genuen. Bileran ohiko dokumentuen onarpenaz gain (memoria, urteko plana…) bi gai aipatu genituen.

Lehenik eta behin, ikasturte honetako Covid protokolo berriak aurrekoarekin alderatuz proposatu dituen aldaketak aipatu genituen. Gela barruan adibidez, ikasleen arteko distantzia 1,5mtik 1,20mra murriztu da HH, LH eta baita DBHn ere. Bestalde, Bigarren Hezkuntzan, jolasgaraian, ariketa bizia eginez gero musukoa kendu dezakete eta baita  1,5mko distantzia mantenduz gero ere.

Bestalde, pandemiak Ikastolan izan duen eraginaz informatu genuen. Haur eta Lehen Hezkuntzan, irailean, 10 positibo izan ziren eta ondorioz HHn 3 gela konfinatu ( ikasle gutxi batzuk izan ezik) zituzten eta LHn 6 ikasle. Urrian berriz, 24 positibo guztira, honek HHn 3 gela eta LHn gela bat konfinatzera eraman gintuen eta gutxi gorabehera 30 ikasle guztira geratu behar izan zuten etxean ( HH eta LHn). Bigarren Hezkuntzan eragina txikiagoa izan da, irailean ikasle bat izan zen positibo eta ondorioz 4 ikasle egon ziren konfinatuta eta urrian berriz ikasle bakarra izan dugu konfinatuta negatiboa izan bada ere. Azaroan positibo bat izan dugu ikastolan ondoriorik izan ez duena.

Bigarrenik, DBHko eraikin berriari ekin genion. Urte luze eta gero, duela bi ikasturte Hezkuntzak ez-ohiko prozedura jarri zuen martxan eta Udalak orubea prest ez izan arren, eraikin berria eraikitzeko lanak martxan jarri zituen.

- Hezkuntzaren lanak:

  • 2020ko abenduan, Gipuzkoako arkitektoarekin zehaztu genuen proposamena, Amaia Urzelaik sinatzen du eta Lakuara bidali zen.
  • Lakuako arkitektoarekin azken zehaztapenak 2021eko otsailean egin ziren.
  • Martxoan, Hezkuntza Sailak pliegoak argitaratzen ditu.
  • 12G Apraiz Marchal Barberena enpresari eman zaio proiektua eta proposamena aurkeztu ziguten irailaren 28an.
  • Aldaketak proposatu genituen eta azken proposamena azaroaren 3an aurkeztu zaigu.

 

 

-Udalaren lanak:

  • 2020ko azaroan, uren baimena.
  • 2021eko urtarrilean, okupazio zuzena egiteko espedientea ireki dela esaten zaigu.
  • Apirilean, okupaziorako dekretoa sinatzen da eta Boletin Ofizialera bidaltzen da.(* jabe batek auzietara eraman du gaia).
  • Okupazio zuzeneko prozesuak jarraitzen du.
  • Apirilean, Endara enpresa kontratatu da urbanizazio proiektua egiteko.
  • Uztailean, urbanizazio proiektua publikatu zen eta irailaren 23an lizitaziora ateratzen da.

Udalaren erabakien inguruan kezka berria sortu zaigu. Urteetan Ikastolarako orubea 8.000m2koa izango zela esan zaigu. Hezkuntzak 5.000m2ko azalera duen espazioa erabiliko du eraikinerako dekretuak dioena jarraituz eta orain, 3.000m2ko patioa kolokan ikusten dugu.

Plan partzialean 8.000m2 jasotzen duen orubea ikusgai argazkian.

Argazkian Hezkuntzak eraikiko dituen 5.000m2ak errepidearen eskuinetara eta ezkerrean 3.000m2 Egape Ikastolako patiorako aurreikusita genuena.

Udalak diseinatu duen urbanizazio proiektuan, soilik 5.000m2ak jasotzen dira.