IKASTURTEA AGURTZEKO EKINTZA ANITZAK BIGARREN HEZKUNTZAN

Jarduerez betetako ikasturte amaiera bizi izan dute aurten ere DBHko ikasleek.

 

Heziketa integrala helburu, Bigarren Hezkuntzan ikasturte amaiera berezia prestatzen dugu ikasle, tutore eta irakasleak lagunarte giroan murgilduz. Eskola-espaziotik irten eta gure gazteak hezten jarraitzen dugu hainbat ekintzen bitartez. Horrela ba, ikasleei kirol berri probatzeko, esperientzia partekatuak bizitzeko eta elkarren arteko loturak sendotzeko aukera eskaintzen diegu.  

DBH 1. mailako ikasleak Heziketa Fisikoko azken unitatea borobildu dute ostegunean Leitzaranera bizikletaz irteera eginez. Ostiralean Zumaiako flyschera bisita gidatua egin dute, itsasontzian ibili dira eta amaitzeko, Itzurungo hondartzaz disfrutatzeko tartetxoa ere hartu dute. 

DBH 2. mailako ikasleek bi egunetako bizikidetza irteera izan dute Nafarroan. Legasako aterpetxean hartu dute ostatu; besteak beste, Bidasoa ibaian kayakean ibili dira eta Bertizko abentura parkean gozatua hartu dute. 

DBH 3. mailako taldeak Donostian izan dira azken bi egunetan: ostegunean Kontxako hondartzan eta ostiralean Ondarretan, piragua praktikatzen.

DBH 4. mailako ikasleek, ostegunean lehen sorospen ikastaroa burututa, diploma jasoko dute. Azken klase eguna Zurriolan eman dute surfa ikasten.

Ederki ibili gara!