IKASTURTEA AGURTZEKO EKINTZA ANITZAK BIGARREN HEZKUNTZAN

Jarduerez betetako ikasturte amaiera bizi izan dute aurten ere DBHko ikasleek.

 

Heziketa integrala helburu, Bigarren Hezkuntzan ikasturte amaiera berezia prestatzen dugu ikasle, tutore eta irakasleak lagunarte giroan murgilduz. Eskola-espaziotik irten eta gure gazteak hezten jarraitzen dugu hainbat ekintzen bitartez. Horrela ba, ikasleei kirol berri probatzeko, esperientzia partekatuak bizitzeko eta elkarren arteko loturak sendotzeko aukera eskaintzen diegu.  

DBH 1. mailako ikasleak Heziketa Fisikoko azken unitatea borobildu dute Leitzaranera bizikletaz irteera eginez. Horretaz gain, Martuteneko Factory Boulderrean hainbat trebetasun martxan jarri behar izan dituzte eta azken egunean Hernaniko igerilekura goizapasa joan dira.

DBH 2. mailako ikasleek bi egunetako bizikidetza irteera izan dute Lizarran. Urederraren Iturburua Natura-Erreserba ezagutu dute eta Ega ibaian kayakean ibili dira. Azken egunean Hernaniko Santa Barbarara txangoa egin dute oinez eta bertan eskalada praktikatu dute. 

DBH 3. mailako taldeek Urnietako igerilekuaz gozatzeko aukera izan dute. Bestalde, Buruntzara mendi-txangoa egin dute eta, azken egunean, piraguan ibili dira Ondarretako hondartzan. 

DBH 4. mailako ikasleek, bi  egunetan lehen sorospen ikastaroa burututa, diploma jasoko dute. Horretaz gain, herriko igerilekura joateko tartea ere hartu dute. Azken klase eguna Zurriolan eman dute surfa ikasten.

Ederki ibili gara!