HH 5 URTEKOAK DONOSTIAKO ZIENTZIA MUSEOAN

Pasa den asteazkenean, eguraldia lagun, egun ederra igaro zuten 5 urtekoek Donostiako Zientzia Museoan.

Autobusa hartu eta Donostiara bidean jarri ziren martxoaren 18an HH 5 urteko haurrak. Eguraldi bikaina lagun, Donostiako Zientzia Museoa ezagutzeko aukera izan zuten. Bertako begiraleen eskutik, gure gorputzaren sekretuak ezagutu zituzten, eta barruko organoak euren lekuan kokatzen ahalegindu ziren. 

Horretaz gain, planetariuma bisitatzeko parada ere izan zuten. Roke espaziontziarekin bidaiatu zuten eguzki sisteman zehar, unibertsoko misterioak entzun eta gelan azken asteotan landutako proiektuari amaiera ezin hobea eman zioten. 

Eguna borobiltzeko eta behin tailerrak amaituta, parkean bazkaldu eta jolas egiteko aukera izan zuten. Egun ederra igaro zutela ezin uka eta gozatu ederra hartuta, bueltarako bidea egin zuten. 

Dagoeneko hurrengo irteeraren zain jarriak dira, nora joango ote dira?