HH 5 URTEKOAK AROTZENEAN

Maiatzaren 14 eta 15ean 5 urtekoak Arotzenea aterpetxean izan ziren.

Urduritasuna nabarmena zen aurreko egunetan, ilusioa eta gogoa haurren aurpegietan. Maletak prestatuta, autobusez egin genuen Nafarroan dagoen Etxarri Larraun herrirako bidea. Bertako Arotzenea aterpetxean ongietorria egin ziguten begiraleek. Arauak eta jakin beharrekoak azaldu eta Arotzeneako txokoak ezagutzeari ekin genion.  

Eguraldi petrala izan genuen bi egunetan baina, eguraldia ez zen aitzakia izan ondo pasatzeko. Atertu zuen tartetxo batez, herriko txokoak ezagutu eta istorio interesgarriak kontatu zizkiguten. Bazkalostean jolas librean aritu ginen eta ondoren, ogiaren tailerrean afalordurako prest izango genuen ogi goxoa prestatu genuen. Arratsaldean pista jolasaren bidez, Arotzenea aterpetxeko sekretuak ezagutzeko aukera eskaini ziguten, eta baita lortu ere! 

Afalostean, gogotsu ekin genion zain ginen diskofestari, azken indarrak xahutuz. Eta ohera joan aurretik, pijama dotoreak soinean, pijama desfilea egin genuen. 

Gaua ederki igaro genuen, eta hurrengo egunerako indarrak hartzeko gosari ederra egin ostean, begiraleek prestatutako jolasetan ederki pasa genuen. Konturatzerako iritsi zitzaigun bazkaltzeko garaia. Eta bazkalostean, berriz ere, Urnietarako bideari ekin genion.

Ederra izan da, lehenengoz, lagunartean egin dugun egonaldia. Eskerrik asko Arotzeneako sukaldari, begirale eta laguntzaile guztiei. Hurrenarte!