HERRIAREN ARTELANAK, ARTISTAK ETA GUNEAK DESKUBRITUZ

DBHko 4. mailako ikasleak Bilbora joan dira hiria ezagutzera.

Ingeleseko ikasgaian, 4. DBHko ikasleei eskatu zaie Dublini eta Bilbori buruz dituzten aurrezagutzak adierazteko, eta hainbat datu berri eman zaizkie.  Abiapuntutzat Dublin hartu genuen, eta Dublingo hainbat berezitasun ezagutu genituen: pertsona famatuak, bitxikeriak, lekurik interesgarrienak ikusteko etab. Ondoren, lanketa bera egin genuen Bilborekin, eta zentratu ginen Bilboren aldaketa ekarriko zuen mugarrian: Guggenheim Museoaren eraikuntza.  

 

Horrela hainbat artisten eta eraikinen berri izan eta gero, Bilboko irteera egin dugu, aurrez aurre gelan aipatutako eraikin eta arte lanak ikusi ditugu.  Bertan, Alhondegia ezagutzeko aukera izan dugu bisita gidatu bati esker. Horrez gain, Guggenheim museoa bisitatu dugu,  baita Isozaki dorreak, Iberdrola dorrea, Zubizuri zubia, Salbe zubia eta Deustuko liburutegiaren eta Deustuko Unibertsitatearen eraikinak ere. Ikasleek Bilbora egindako bisitan ikusitakoa eta entzundakoa baliatuko dute aurrerago scrapbook  bat egiteko, horixe eskatuko baitiegu. Horretarako, bi hizkuntzak erabiliko dituzte: ingelesa eta euskara.