GOIATZ LABANDIBAR IDAZLEA EGAPERA EKARRI DUGU

“Fotogramak” liburuaren idazlea DBH 3. mailan izan dugu irakurzaletasuna ikasleengan itsasteko.

Duela lau ikasturte gure Hizkuntza proiektua osatzeko, irakasleok irakurketaren ulermenaren inguruko formazioa jaso genuen eta Irakurketa Plana osatzeari ekin genion. Bi ikasturte eta gero, Egape Ikastola BHIko Irakurketa plana osatu genuen eta arlo guztietan irakurmenaren ulermena lantzeko testuak prest ditugu Curriculumean txertatuta.

2019-2020 ikasturtean, plana borobildu nahian, DBHko irakasleok 20 orduko ikastaroa jaso genuen Julia Marin Arteaga, antzerki itzultzailea eta komunikazio tekniketan trebatua dagoen irakaslearen eskutik. “Esatearen ederra”, ikastaroan, ahots gora irakurtzen eta euskara naturala bermatzen duten prosodia gaiak ikasi genituen. 

Iaz, irakurzaletasunaren atalari beste koxka bat eman nahi izan genion gure hizkuntza proiektua goi mailara eramate aldera. Honela, Bigarren Hezkuntzako 3. mailan Goiatz Labandibar idazlea izan genuen gure artean “Fotogramak” liburuaz hitz egiteko. Esperientzia borobila izan zenez, eta gure ikasleek asko gozatu zutenez, aurten ere errepikatu dugu jarduera.

 

       

Txuri-beltzeko argazkiak abiapuntu harturik, sorkuntzaren munduan murgildu gaitu Goiatzek. Taldean lan egin dugu eta, irudimenari ateak irekiz, oso istorio ezberdinak sortu ditugu. Barruan daramagun idazlea askatzeko aukera paregabea izan dugularik.