GABON OSPAKIZUNAK EGAPE IKASTOLAN

Neguko solstizioa igaro berritan, gabon ospakizun bete-betean ibili dira Egape Ikastola osatzen duten komunitateko kideak.

 

Abenduaren 21ean, urteroko bisita jaso genuen Olentzero eta Mari Domingiren eskutik. Pozarren ziren haurrak,  noiz iritsiko zain Euskal Herrian hain maitatuak ditugun bi pertsonaia hauek. Egape Ikastolan euren geldialditxoa egin zuten, datozen egunotan han eta hemen ibiliko diren Olentzero eta Mari Domingik. Egapeko gaztetxoenek euren eskutitzak eman zizkieten, Etxeberrin hasi eta Lizardiko eraikinetik pasatzerakoan. Ohitura denez, Olentzeroren gabon doinuak eskaini zizkieten gure ikasleek, ikazkina eta Mari Domingiri. 

Abenduaren 22an, berriz, Neguko Azoka ospatu dugu Egape Ikastolan, jai giro ederrean ospatu gainera. Nekazal eta artisau produktuen (barazki, fruitu eta zeramika) erakusketa izan dira goizean zehar eskola komunitateko kide guztientzat ikusgai. Gabon kantuek alaitu dute goiza; etxean egindako postre goxoak eta txistor ogitartekoak dastatzeko aukera ere izan dugu, baita sabelak ongi berotzeko gaztain erreak ere. Erromeri giroa nagusi izan da Egape Ikastolako jolastokian. Egitarau honekin eman diogu amaiera aurtengoari eta gabon jai zoriontsuak opa dizkizuegu den-denoi.