FORU JAUREGIAN IZAN DIRA DBH 2. MAILAKO TALDEAK

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusia eta Donostiako Alde Zaharra bisitatu dituzte ikasleek.

 

Maiatzaren 7an DBH 2ko ikasleek Gizarteko mintegiak antolatutako jarduera osagarria gauzatu dute. Irakasleekin batera, Donostiara joan dira autobusez, besteak beste, euskal lurraldeetako erakundeen inguruko eta foru-antolamenduari buruzko ezagutzak zabaltzeko asmoz.

Lehenik, Gipuzkoa Plazan lekutzen den Foru Jauregia ikusteko aukera izan dute. Bisita gidatuan eraikinaren ondare historiko eta artistikoa ezagutu dute; beirate, margolan, apaingarri, altzari eta eskailera guztiz bikainak bertatik bertara ikusi dituzte, baita kapera, liburutegia, areto eta bulego itzelak ere. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtzionamendu administratiboan sakontzeko aprobetxatu dute. 

Ondoren, Alde Zaharrera joan dira kaleetan zehar ibilbidea egiteko. Bertako gune batzuk ikusteko eta haien historia ezagutzeko parada izan dute.