FISIKA-KIMIKA ARLOAN LANDUTAKO PROIEKTUA IKASKETA ZERBITZUAREN BIDEZ GARATU DA

DBH 2. mailako ikasleek, fisika-kimika arloan garatu duten proiektuan arropa biltzeko kanpaina antolatu dute.

 

DBH 2. mailako ikasleek fisika-kimika arloan “Materia nonahi, birziklatzea ere bai” unitate didaktikoa landu dute. Ikasleek curriculum akademikoarekin loturiko gaiak eta ingurumenaren aldeko baloreak jasotzeaz gain, proiektu bat garatu dute komunitateari zerbitzua eskainiz (ikasketa zerbitzua).

Besteak beste, hondakinen kudeaketa aztertzeaz gain, Jolas eta Ekin erakundearekin elkar lanean aritu dira. Kontsumo arduratsuaren ildotik multinazionalek arropa ekoizteko umeen eskubideen urraketa eta lan esplotazioaren gaia ere aztertu dute. Hau honela, eta EMAUS erakundeari laguntza emateko, proiektua ikasketa zerbitzu bidez bideratu da eta “arropa biltzeko kanpaina” antolatu dute. 

Abenduaren 4an, Egape ikastolako familiei idatzi bat bidali zaie kanpainan parte hartzeko animatuz eta era berean, DBH 2. mailako hainbat ikasle Lehen Hezkuntzako ikasleengana joan dira beren proiektuaren berri ematera. 

Hortaz, etxean alferrik duzuen edo bota behar duzuen arropa eskatzen dizuegu. Ongintzako ekitaldi honetan parte hartzeko, Covid-a dela eta arropa poltsa itxi batean eraman behar duzue ikastetxera abenduaren 9tik 16a bitartean.

Ikastetxeetan jasotako arropa DBH 2. mailako ikasleengana etorriko den EMAUSeko arduradunari emango zaio.