“EUSLIDERRAK" TALDE BERRIA BERRIRO MARTXAN EUSKARAREN ALDE

Aurten ere, 3. mailako ikasleen artean “Eusliderrak” talde osatu dugu.

 

Egape ikastola bere hastapenetatik hasi eta gaur egundaino euskararen normalizazioan eragile eta erreferente izan da Urnietan. Ikastolan ardatz nagusitzat beti izan dugu euskara indartzea: ezagutzatik abiatu eta erabilerara iristea. Hauxe da gakoa, gaur egun euskararen erabilera geroz eta ahulagoa dugula euskal gizartean eta Egape Ikastolan, gizartearen islada izanik, arazo beraren aurrean aurkitzen gara. 

Hori dela eta, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea (AEK) eta Urnietako Udalaren laguntzarekin, Egape Ikastolan DBH 3. mailan “Eusliderrak” ikasleen taldea osatu eta berritzen dugu ikasturtero eta 4. mailaren amaieran bere lana amaitzen da hurrengo taldeari txanda emanez. 

“Eusliderrak” taldearen xedeak euskararekiko jarrera positiboak lantzea, eraldaketa sustatzea, portaera berriak sortzea eta hizkuntza-lidergoa indartzea dira, besteak beste. 

Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, 4. mailako taldeak 3. mailako talde berriari lekukoa eman dio. Talde berria indartsu hasi da lanean eta horren adierazgarri zuzendaritzari aurkeztu dizkioten proposamenak. Ikastolako pation hormirudi bat margotzen hasita daude eta ikasturtea amaitu aurretik gainontzeko ikasle guztientzat euskara erabilera sustatzeko ekintza soziala antolatu dute.

Beste behin ere, ikus dezakegu Ikastolako ikasleak konpetentzia anitzak garatuta dituztela eta bizitzako edozein erronken aurrean trebatuta daudela aurretik ikasitakoa transferituz eta martxan jarriz.