EUSKARAREN EGUNA EGAPE IKASTOLAN

Euskararen Nazioarteko egunaren harira hainbat ekintza burutu ditugu Egape Ikastolan.

 

Abenduaren 3a egun seinalatua dugu, Euskararen Nazioarteko eguna ospatzeko eguna baita. Egape Ikastolan, egun horren harira hainbat ekintza eta jarduera burutu dira abenduaren 1 eta 4ean.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle gazteenak jolas desberdinetan aritu ziren abenduaren 1ean. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik aurrerako ikasleak berriz, DBHko ikasleekin elkartrukea egin eta herriko txoko ezberdinetan jolasak egin zituzten. Arratsaldean Aballarri Familia Elkarteak eskainitako txokolatada goxoa hartzeko aukera izan zuten. Euskararen aldeko I.Egape Krossa ere ospatu dute Egapeko HH eta LHko ikasleek eta irakasleek abenduaren 4an, euskararen alde lasterka ibili dira ikastetxe inguruan. Egunari amaiera borobila emateko, euskal kantuz girotu dituzte Urnietako kaleak. 

Lehen Hezkuntzako ikasleei harrera egin aurretik, DBHko ikasleek euskal abestiak entzun eta karaokean aritu ziren. Bitartean, eusliderrak (4. mailako Euskara taldea) ikasle txikienekin egiteko  beraiek sortutako plangintza aurkeztu zuten gelaz gela. Eusliderrak eta maila bakoitzeko bolondresak herriko hainbat gunetara hurbildu ziren prestaketa lanak egitera. Ondoren, Bigarren Hezkuntzako ikasleak eta Lehen Hezkuntzako ikasleak elkarrekin aritu ziren euskararen jaiegunean. Elkarteratzeari amaiera eman zitzaion hamaiketako goxoa janez. Goizeko azken saioetan “zinea euskaraz” gozatzeko parada izan zuten. 

Euskara, gure hizkuntza, batak besteari eginez, egunero indartu behar dugula argi dugu. Gure ikasleei, egunero eta uneoro, edozein dela egiten dugun ekintza ere, euskaraz bizitzearen garrantziaz jabetuarazi behar diegu. Euskarak 365 egun!