EUSKARAREN EGUNA

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen HLHI eta DBHko ikasleek “Zein polita den zu euskaraz entzutea” lelopean.

 

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, girotzen joateko, azaroan zehar jarduera desberdinak antolatu ditugu ikastolan: abestien kiniela, HH eta LHko ikasleen arteko topaketak, bingo musikala eta Egapeokea. Azken hau, azaroaren 29an, arratsaldean, herriko lau plazatan banatuta egin genuen. Azaroaren 30ean, Aballarri guraso Elkarteak antolatuta, jolasak eta etxeetako balkoiak apaintzeko, kartelak egin zituzten.

Egunean bertan, goizez, geletara sartu aurretik, 4. eta 5. mailetako ikasleek ikasle, irakasle zein gurasoei bertsoak abestu zizkiguten. Ondoren, DBHko ikasleek HH eta LHko ikasle guztiei ipuinak kontatu zizkieten. Ipuinen kontaketa eta gero, TuTuTu Euskaraz mintzatu abestiaren entsegu orokorra egin genuen eta goizari amaiera emateko krossean ateratzeko pankartak osatu eta denborapasak egin genituen. Goiz osoan zehar, Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilaria, leloaren hormairudia egiten izan genuen ikastolako frontoian. Bigarren Hezkuntzan berriz, txikiei ipuinak kontatu eta gero, zinema euskaraz jardueraren barruan, “Bizkarsoro” eta “Fight girl” pelikulak ikusi zituzten.

Arratsaldez, berriz, Egape ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek Egape Euskal Kross jendetsua eta alaia ospatu genuen Urnietako kaleetan barrena. San Juan plazatik abiatu ginen, eta bertan amaitu genuen, hainbat kale igarota. Bidean, ikasleek eskuz esku eraman zuten lekukoa eta udaletxeko balkoitik bertaratu ziren guztiek DBHko eusliderrek egindako mezua entzuteko aukera izan zuten. Jarraian, 6. mailako ikasleek bertsoak abestu zituzten eta jaialdiari “TuTuTu Euskaraz mintzatu” abestiarekin eta askari goxo-goxoa banatuz eman genion amaiera egun zoragarri honi.