EUSKAL KULTURAREN ETA NATURAREN TENPLUA

Maiatzaren 18an, DBH 4. mailako ikasleek Arantzazuko santutegia bisitatu eta AloƱa mendia igo dute.

 

Ingeleseko ikasgaian, 4. DBHko ikasleek espazio urbanoaren antolaketa lantzen ari dira. Hori dela eta, aukera ezin hobea izan dugu Euskal Herriak duen altxorretako batera hurbiltzeko eta bisitatzeko: Arantzazuko santutegia. Espazio urbanoetatik urruti, baina adibide ikusgarria da espazioaren antolaketa aztertzeko. Ezin baitugu ahaztu Euskal Herriko hiru artista handik parte hartu zutela santutegiaren eraikuntzan: Jorge Oteiza, Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxea. Jorge Oteizak Arantzazuko santutegia deskribatu zuen Euskal Kulturaren Tenplua gisa, eta guk gehituko genuke Euskal Naturaren Tenplua ere badela: mendiak, zelaiak, artaldeak, zapelatzak, elorri zuriak, dena batzen da bertan. Natura hain eskura izanda, Aloña mendira igo gara, gure egoera fisikoa eta erresistentzia neurtuz. Eguraldia lagun izan dugu gure bide osoan, eta Aloña mendi puntan bazkaldu eta gero, itzuli gara Arantzazura. Berriro aztertu ditugu hiru dorreak, eta arantzaz betetako paretak. Baita bere fatxada ikusgarria: 14 apostolu, elkarrekin hitz egiten eta haien goiko aldean Pietatea, ama negarrez oinetan bere semearen gorpua duela. Azkenik kripta ikusi dugu eta bertan margotuta dauden muralak.

Natura eta artea batzen diren gunea da Arantzazu, leku magikoa, zalantzarik gabe.