ESKOLAKO AGENDA 2030 ABIATU DUGU EGAPEN

Energia eskuragarri eta ez kutsatzailea izango da aurtengo lanketa-gaia.

 

Abiatu berri dugun 2022-2023 ikasturtean, aurtengo Eskolako Agenda 2030 programari ekin diogu. Agenda 2030a Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan oinarritzen da. Helburu hauek nagusiki mundu mailan pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko sortu dira.

Aurten 7. helburuari helduko diogu: ENERGIA ESKURAGARRI ETA EZ KUTSATZAILEA. Zazpigarren helburu honen xedea guztiontzat energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta modernoa bermatzea da eta, era berean, iturri berriztagarrietatik datorren energia eta energia-eraginkortasuna handitu nahi dira.

Energiak mundua mugiarazten du eta beharrezkoa da egunerokotasuneko edozein ekintza egiteko. Gaur egun, milioika pertsona bizi dira elektrizitaterik gabe, eta munduko biztanleriaren heren batek baino gehiagok erregai kutsatzaileak erabiltzen ditu janaria prestatzeko, haien osasuna asko kaltetuz. Horren harira, aurten aukeratutako leloa, hauxe da: Energia, bizitzaren motorra! 

Ikasturtean zehar, zuen seme-alabekin batera, hausnartzeko aukera paregabea dugu. Burutuko diren ekintzen berri izango duzue eta zuen proposamenak ongietorriak izango dira. Animatzen zaituztegu zuek ere, zuen seme alabekin batera, herri jasangarri baten alde borrokan bat egitera. Inor atzean utzi gabe!