ESKOLA AGENDA 2030: UDAL FOROA

Urnietako Kultur aniztasunaren aldeko proposamenak aurkeztu dira Udal Foroan.

 

Ekainaren 5ean Egape ikastolako Agenda 30eko ikasle ordezkariak, herriko beste ikastetxeetako EA30eko ordezkariekin batera, alkatearekin eta zinegotziekin bildu ziren udalbatza-aretoan. Aurten, Eskolako Agenda 2030 programan 11. Garapen Jasangarrirako Helburuari heldu diogu eta “Hiri eta Komunitate Jasangarriak” helburua lantzen aritu gara.

Maiatzean eskola arteko foroa egin genuen eta Kultur aniztasunaren inguruan, ikasturtean zehar, egindako ekintzak partekatu genituen beste eskoletako ordezkariekin. Bestalde, ikasleok zer konpromiso hartzeko prest gauden aipatu genituen eta baita herri mailan kultur aniztasunaren alde egin daitezken ekintzak ere azaleratu genituen. Eskolarteko Foroan Udalari egiteko hainbat proposamen adostu genituen. Eta, ostegunean, gure eskaerak aurkeztu ditugu Udalean egin dugun bileran. 

Talde osoaren argazkia atera ondoren, hamaiketako txiki bat dastatu genuen.