EGAPE IKASTOLAKO IKASLEAK TOKIKO KOMERTZIOA SUSTATZEN

DBH 4. mailako ikasleek Urnietako komertzioa sustatu nahian eskaera egin die herritarrei Aiurrin (2020-12-04) argitaratu den idatziaren bitartez.

 

DBH 4. mailako ikasleek beste urte betez Urnietako komertzioa sustatzeko eta herritarrak bertako saltokietan erosketak egitera bultzatzeko proiektua garatu dute.

Euskara arloan landu dute proiektua eta Jolas eta Ekin elkartearekin elkar lanean jardun dugu. Proiektu honen xede nagusietako bat ikasketa zerbitzua garatzea izan da, hau da, ikasleek ikasitako ezagutzak indartu eta hobetzeko aukera izan dute, ikasitakoa errealitatera transferituz, giza-baloreak landuz eta komunitatearen onurarako zerbitzu bat eskainiz. Honela, herrian eragile aktibo bihurtu dira. 

Aurten, ikasgaian ikasitakoa praktikan jarriz idatzi bat egin dute Urnietako komertzioa sustatu nahian. Herrikideak animatu nahi gaituzte komertzio txikietan kontsumitzera bultzatuz. Eta hausnarketa bideratu nahi izan dute idatzi honen bitartez, komertzio txikietan erosteak herriarentzat dituen onurak aipatuz.

Beraz, herritarrak bertako komertzioetan kontsumitzera animatu besterik ez zaigu geratzen, tokiko merkataritza bultzatuz Urnietan bizitza egin ahal izateko eta herria bizirik mantentzeko.