EGAPE IKASTOLAKO 5 LAN SAILKATU DIRA BOOKTRAILER LEHIAKETAN

Galtzagorri elkarteak urtero antolatzen duen Booktrailer lehiaketan EGAPE Ikastolako 5 talde sailkatu dira eta apirilaren 30era arte lan hauek bozkatzeko aukera izango da.

 

Booktrailer bat liburu baten inguruko bideo motz bat da. Bertan, liburuaren inguruko informazio nagusia trailer modura aurkezten da jendeari jakin-mina piztu eta irakurtzera anima dadin. Booktrailer lehiaketa hau Galtzagorri elkarteak antolatzen du duela 8 urtetik.

Aurten, EGAPE Ikastolatik DBH 2, 3 eta 4. mailako ikasleek parte hartu dute. 2. DBHko ikasleek “Zuhaitzak landatzen zituen gizona” liburuaren inguruko booktrailerrak egin dituzte, 3. DBHkoek berriz “Hormak” liburuaren ingurukoak eta amaitzeko, 4. DBHkoek “Azken dantza New Yorken” liburuaren ingurukoak.

Booktrailerra egiteko ikasleek hainbat pausu jarraitu dituzte: lehenik eta behin, 1. hiruhilekoan Galtzagorri elkarteen formazio bat jaso zuten ikasleek; jarraian, maila bakoitzako ikasleek egokitutako liburua irakurri zuten etxean eta gelan landu ondoren, booktrailerrerako gidoiak prestatu eta booktrailerrak egin zituzten.

EGAPE Ikastolatik 5 bideo sailkatu dira finalerako. 4. DBHtik “Azken dantza New Yorken” liburuarekin 4 talde : Anonimoak, New York, Patata eta Vileansa taldeak eta 3. DBHtik “Hormak” liburuarekin: MNLY taldea.

Bozkatzeko Galtzagorri Elkarteko web orrira sartu eta bertan eman behar da bozka. EGAPEko lan guztiak ikastetxearen kategorian aurki daitezke baina hasteko, norbanako kategorian dauden hiru lanen artean bozkatu behar da. Ondoren, ikastetxeko kategorian eta amaitzeko, datuak bete eta bozka bidali. Kategoria bakoitzean, bozka bakarra eman liteke.

Bozkatzeko epea apirilaren 30ean amaitzen da beraz, animatu bozkatzera!