EGAPE IKASTOLA HIZKUNTZA OHITURA BERRIAK SORTZEN

Aste honetan zehar DBH 3 eta 4. mailako ikasleek euskararen erabilera sustatzeko ekimenetan murgildu dira.

 

Egape ikastola bere hastapenetatik hasi eta gaur egundaino euskararen normalizazioan eragile eta erreferente izan da Urnietan. Ikastolan ardatz nagusitzat beti izan dugu euskara indartzea: ezagutzatik abiatu eta erabilerara iristea. Hauxe da gakoa, gaur egun euskararen erabilera geroz eta ahulagoa dugula euskal gizartean eta Egape Ikastolan, gizartearen islada izanik, arazo beraren aurrean aurkitzen gara.

Hori dela eta, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea (AEK), Urnietako Udalaren laguntzarekin, Egape Ikastolan DBH 3. mailan HIZKUNTZA OHITURA BERRIAK SORTZEKO TAILERRA burutzen ari da. Proiektu honen helburua hizkuntza aniztasunaren alde gogoz arituko diren ikasleak formatu eta aktibatzea da. Urrian hasi eta abendura arte 3 saio burutuko dituzte. 

Gainera, urriaren 15ean, Lekaio kultur etxean, EUSKARABENTURA espedizioaren inguruko informazioa jaso zuten DBH 4. mailako ikasleek. 

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15-17 urte bitarteko 125 neska-mutil euskal geografia, kultura, historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezkoa espedizioa da EuskarAbentura. Uztailan zehar etapa desberdinetan osatuko dute ibilbidea. Ibilbidean hainbat eta hainbat kilometro oinez egingo dira. 

Horrez gain, era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko.

Bertan parte hartu ahal izateko izena emateaz gain, proiektu bat aurkeztu beharko da.