EGAPE ETA JASO IKASTOLETAKO GAZTETXOEN ARTEKO ELKARTRUKEA DBH 1 MAILAN

“Gazte euskaldunekin elkartrukean” diziplinarteko proiektua borobildu dugu aste honetan.

 

Aurtengo ikasturtean DBH 1. mailan “Gazte euskaldunekin elkartrukean” proiektua sakontasunean burutu dugu. Lehenengo hiruhilekoaren amaieran hiru jakintzagaietako konpetentziak uztartuz (Euskara, Matematika, Gizarte), Iruñeako Jaso ikastolako gaztetxoekin harremanak sortu eta landu genituen. Lanketa horren baitan, abenduaren 18an, Iruñeara txangoa egin eta lagunak aurrez aurre ezagutu genituen. Lagun berriek haien hiriko hainbat txoko esanguratsu erakutsi zizkiguten: entzierroaren ibilbidea, udaletxea… 

Bada, astelehenean, maiatzaren 6a, harrera abegitsua egin genien Iruñeako gazteei gure herrian, Urnietan. Haiengandik jaso genuen kidetasuna eskertuz, gure herriko txoko berezienak erakutsi genizkien. Besabin egin genuen hitzordua; bertatik, taldean, Mulisko gainera abiatu ginen Historiaurreko aztarna megalitikoak ikusteko. Izan ere, Geografia eta Historiako bigarren hiruhilabetean gaia landu dute gelan ikasle denek. Eguerdirako Xoxokara jaitsi ginen. Elkarrekin bazkaldu ondoren, iruñearrak agurtu genituen eta guk tipi-tapa herrirako bidea hartu genuen. 

Asteleheneko egunpasarekin arloartekotasunean garatutako elkartrukearen proiektua borobildu ahal izan dugu, lagun nafarrekin harremanak sendotu eta gure herri inguruko altxorrak beraiekin konpartitu baititugu.