EGAPE BHI-KO PATIOA ERALDATZEN

Azken urteetako ibilbideari jarraituz ikasturte honetan ere patioa eraldatzeko pauso bat gehiago eman dugu aurrerantzean ikasleek aukera ezberdinak izan ditzaten.

Duela bi ikasturte Egape BHIko patioa eraldatzeari ekin genion. Ikasleen interes eta behar ezberdinei erantzuteko eta ahalik eta inklusiboena izateko, ikasleengandik proposamen ezberdinak jaso eta gauzatu genituen, hala nola jolaslekuko lurrean xakea eta “Twister” bezalako jolasak margotu eta gimnasioan atsedena hartzeko “palet”ak ipini ziren. Honetaz gain, ikasleek jolaslekuko horma batean mural geometriko eta koloretsu bat margotu zuten,  “Ikasiz amestu”,  ikastetxeko aniztasuna eta ikasiz amesteko beharra aldarrikatuz.

 

    

 

Bide horri jarraituz aurten beste hainbat ekintza burutu ditugu. Patioko pareta batean murala margotzeko lehiaketa antolatu dugu eta Leire Limon ikaslearen lana aukeratua izan da. Honela. 4. mailako plastikako ikasleek margolana egin dute. Horma horretan “boulder rokodromoa” (rokodromo horizontala)  ipini dugu gure ikasleek bertan eskaladaz gozatzeko.

Aipatu gabe ezin utzi ikasturte honetan, pandemia dela eta, jolas-garaian gure ikasleak mugatuta egon direla hainbat jolas praktikatzeko eta modu honetan, aukera ezberdin bat zabaldu nahi izan diegu.

Amaitugabeko proiektu honen bidez, gure ikastetxeko instalazioen baldintza mugatuei ahalik eta etekin handiena atera nahian, espazioaren erabilera orekatuagoa lortu dugu aniztasuna eta berdintasuna oinarri hartuta. 

Datorren ikasturtean ere beste urrats bat emateko ahalegin guztiak egingo ditugu.