Baliabide berri honekin gure ingurumen eta jasangarritasunaren aldeko ibilbidea eta urtez urteko lana erakutsi eta sendotu nahi dugu.
Egape BHIn Eskola Agenda 21 hezkuntza-programaren inguruko web-orri berria sortu dugu. Sakabanatuak zeuden hainbat dokumentazio eta informazioa bildu nahi izan dugu web-gune bakar batean eta modu bateratuan publikoki eskaini eskola komunitatea osatzen dugun ikasle, irakasle, familia eta, oro har, herritar guztion artean ingurugiroa eta biodibertsitatearen garrantzia azpimarratzeko.
Konfinamendu eta ongizate-estatuak sustatzen dituen balioen inguruko kezka orokorreko garai hauetan, Egape Ikastolak hezkuntza baliabide berri honekin bere ingurumen eta jasangarritasunaren aldeko ibilbidea sendotzen du, baita ingurumen-heziketa indartu ere.
Egape Ikastolan web-gune berriarekin publikoki berresten ditugu curriculum, kudeaketa eta partaidetza arloetan hartzen ditugun konpromisoak gure eguneroko jardueretan. Egape Ikastolak 2012an eskuratu zuen Eskola Jasangarria ziurtagiria. Horren ondorioz, gure ikasleek urtero Iraes 21 sarean parte hartzen dute Euskadiko beste 103 ikastetxeetako ikasleekin batera.
Web-orri berriak Eskola Agenda 21 programak zehazten dituen materialak eta jarduerak biltzen ditu, adibidez, ikasturte honetan lantzen ari garen Paisaiaren inguruko materialak sarera igo ditugu. Bertan ere, gai honen inguruan Urnieta herriaren eta ikastetxearen paisaiaren diagnostikoan landu diren ideiak eta herriko ikasleen forora eramango diren proposamenak jasotzen dira.
Era berean, Egape Agenda 21 web-orri berria artxibategi moduan erabiliko da, aurreko ikasturtetan aztertu diren hezkuntza-programaren gaien inguruko informazioa bilduko baitu.
Nazio Batuen Erakundeak 1989 urtean sortu zuen Agenda 21 programa mundu mailan garapen iraunkorra bultzatzeko asmoz. Garapen iraunkorra, jasangarria edo sostengarria garapen arduratsua da, ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena, baliabide naturalen eta ondarearen kalitatea eta kantitatea zaintzen eta gordetzen baititu. Agenda 21 izenak XXI. mendeari erreferentzia egiten dio.
Dena dela, programa honek datorren ikasturtetik aurrera aldaketa nabarmenak ezagutuko ditu, Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak proposatzen dituen 17 helburuek ardatz berri bat osatuko baitute. Garapen Iraunkorrari buruzko 2015eko Mundu Gailurrean, Nazio Batuen Erakundearen kideek 2030rako programa berri bat onartu zuten pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztiei bizimodu duina bermatzeko.
Egape Agenda 21 web-orriak dagoeneko aurreikusten ditu iritsiko diren aldaketak eta Garapen Iraunkorreko Helburuak bere baitan hartzen ditu.
Web-orri berria beti aurkituko duzue www.egape.eus web-gunean “Blogak eta Berriak” atalaren “Bigarren Hezkuntza” gunean. Bestela, egin klik HEMEN