DONOSTIAKO EUREKA ZIENTZIA MUSEOAN

Otsailaren 27an LH 2. mailako ikasleak Donostiako Eureka Zientzia Museora joan ginen txangoan eta primeran pasa genuen!

Iritsi bezain laster, gauza interesgarri eta oso dibertigarri asko ikusi genituen. Esperimentuak, jolasak eta ukitzeko eta probatzeko gauza asko zeuden. Zientzialari txikiak bezala sentitu ginen.

Lehenik giza gorputzari buruzko tailer bat egin genuen. Gure gorputzak barrutik nola funtzionatzen duen ikasi genuen. Geure bihotzak entzuteko estetoskopio bat erabili ahal izan genuen, azer nolako zirrara! Danba, danba! Bihotz batzuk oso azkar zihoazen urduri eta pozik geundelako.

Digestio-aparatua ere landu genuen. Organo bakoitza oihalez egina zegoen eta bere lekuan jarri ahal izan genituen: hestegorria, urdaila, gibela, giltzurrunak eta hesteak. Horrela hobeto ulertu genuen janariak gure gorputzetik nola bidaiatzen duen. Oso dibertigarria izan zen jolasten ikastea.
Gero beste esperimentu tailer bat egin genuen. Han likidoekin, solidoekin eta gasekin egin genuen lan. Gauzak nahastu genituen, zer gertatzen zen ikusi genuen eta material batzuk nola aldatzen ziren ikusi genuen. Benetako zientzialari sentitu ginen, alajaina!.
Oso egun berezia izan zen. Gauza berri asko ikasi genituen eta barre asko egin genuen ikaskideekin eta irakasleekin. 
Eureka Museora itzuli nahi dugu!