DBH 4. MAILAKO IKASLE BAT IRLANDAN IKASTEN ARI DA JML FUNDAZIOAREN BEKARI ESKER

Hiruhilabete honetan Cashelgo familia batekin bizi da eta Cashel Community School ikastetxeko ikasle bilakatu da.

 

José Luis Martin López Fundazioak garapen pertsonal eta profesionalerako baliabide nahikorik ez duten pertsonei aukerak eskaintzen dizkie, haur, gazte eta kolektiboei lagunduz, kalitatezko etorkizuna eta gizarte-ongizate osoa lortzeko bidean. Urnietan MCL enpresa ireki zuen eta, urnietarrei ekarpena egin nahian, herrian jarduteko asmoa azaldu zuen. Horregatik guztiagatik, aliatu honi esker, gure ikasleei ezagutzak zabaltzeko eta esperientzia berriez gozatzeko aukera eskaini ahal izan diegu ikasturte honetan  ere.

Aurten, bigarren urtez, Fundazioak, Hezkuntza arloari dagokionez, Egape ikastolako DBH 4. mailako ikasle bati beka eman dio. Ikaslea urtarrilaren 5etik martxoaren 27ra Irlandan egonaldia egiten ari da. Ez da denbora luzea pasa bertara iritsi zenetik baina jaso ditugu bere berriak “(...) aste polita izan da, esperientzia berri asko. Familia oso jatorra da, bi ume txiki dituzte eta haiekin jolasean ibiltzen naiz egunean zehar. Baita ere, beste bi ikasleekin bizi naiz, nahiz eta hauetako bat asteburuetan soilik egoten den gurekin; bat, italiarra da eta nirekin batera joaten da eskolara, bestea, alemaniarra da, oso jatorrak biak”.

Cashel Community School ikastetxean eskolak hartzen ari da eta ingurua ezagutzeko eta tokiko nerabeekin harremantzeko aukera izaten ari da: “Eskola aldetik, ondo ere, oso ezberdina da guztia eta pelikula batean bezala sentitzen naiz, irteera bat izan genuen ostegunean Dublineko zientzia museora eta ederki ibili ginen. Jendea ere oso jatorra da eta baditut lagun batzuk. Irlandan, DBH 4. maila, TY izenez ezaguna da, Transition Year hitzaren laburpena dena. Izenak dioen bezala, “junior cycle” fasetik, hau da, lehen, bigarren eta hirugarren urteetatik, “senior cycle” fasera, hau da, bost eta seigarren urteetara zubia da.

Aurten eskolan Euskal Herria, AEB, Irlanda, Alemania, Moldavia, Filipinak, Espainia, Italia, Polonia eta Suitzako jendea dugu”.

Ingeles konpetentzia hobetzeko eta paregabeko bizi-esperientzia baterako aukera ezinhobea!