BORDELERA FRANTSESA PRAKTIKAN JARTZERA

Martxoaren 24, 25 eta 26an DBH 4. mailan frantsesa ikasten duten ikasleak Bordelen izan ziren.

Egape Ikastolako Hizkuntza proiektuan argi ageri den moduan gure ikasleei lau hizkuntzetan moldatzeko aukera ematen diegu. DBHko 4 mailetan frantsesa lantzen aritu diren ikasleei ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera paregabea eskaintzen diegu eta honela, Bordelen izan ziren hiru egunez mintza praktika egiten. Honetaz gain, Bordelek eskaintzen dituen aukera paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten.

Lehen egunean Donostian elkartu ostean, Hendaiaraino joan ziren Euskotrenen, eta handik Bordelera trenez. Egin beharreko gestioak egin ostean, parke batean bazkadu eta han inguruan zegoen azoka bat bisitatu zuten. Katedralaren aldamenean dagoen Pey-Berland dorrea ezagutu zuten ondoren, Bordeleko ikuspegi panoramikoa ikusteko aukera ematen duen XV. mendeko dorrea. Alde zaharra zeharkatu, Garona ertzetik paseatu, dendak ikusi… arratsalde paregabearen ondoren, afaldu eta hostalera joan ziren.

Ostiralean, gosaria hostalean hartu ostean, tranbia hartuta La Cité du Vin museo interaktiboa bisitatu zuten. Bertan ardoari buruzko informazio andana dago, eta Bordele mundura zabaldu zuen industriaren inguruan jakin beharreko hainbat gauza ikasi zituzten. Bazkalostean Le Bassin de Lumière ezagutu zuten, baita II. Mundu Gerrako urpeko bat ere, egun, ikus entzunezko erakusketak egiteko erabiltzen dena. BAT3 ontzia hartuta Garona gurutzatu eta beste paseotxo bat eman zuten.

Azken egunean autobus turistikoa hartuta Bordele inguratuz hiria hobeto ezagutzeko aukera izan zuten. Eguerdian erosketak egiteko aprobetxatu zuten. Jarraian hostaletik maletak hartuta Saint-Jean tren geltokian etxeruntz abiatzeko trena hartu zuten. 

Frantsesa praktikatzeaz gain ederki pasa zuten gure ikasleek!