BIZIKIDETZA POSITIBOA SUSTATZEN

Egape Ikastolan gure arteko harremanak eta errespetua lantzen jarraitzen dugu.

Bizikidetzak duen garrantzia azpimarratu eta sendotu nahian, elkarbizitza jarduera desberdinak eta emozioen lanketa eginaz egin diogu harrera ikasturte berriari. Helburu honekin hainbat jarduera antolatu dira LH 4., LH 5. eta DBH 2 mailako ikasleentzat. 

LH 5. mailako ikasleek Baketik elkartearen eskutik Antzerki Foruma izan dute. Bertan, gizarteko hainbat arlotan bizikidetza landu da. Ekimenak ikasleen artean hausnarketa piztu du, eskolan eman daitezkeen biolentzia jarreren inguruan. Horretarako lehenik, antzezpena egin da. Ondoren, ikasleek ikusitako antzerkiaren inguruko iritziak eman dituzte, istorioa aldatzeko aukera eman zaie, amaiera bestelakoa izan dadin. Ikusle eta antzezleek agertokian bat egin dute, guztien artean aldaketak txertatu eta beste amaiera positiboago bat antzeztuz. Haur eta gazteen erabateko inplikazioa lortu da, emozionala, mentala nahiz fisikoa. Horretarako, adin berekoek bizi dituzten jazarpen egoeren aurrean jarri dira ikasleak. Ikasleria istorioan murgilduta, egoera horien aurrean nola jokatu beharko luketen eta biktimari babesa nola eman erakutsi zaie.

LH 4. mailako ikasleek berriz, heziketa afektibo-sexuala, hezkidetza eta tratu onak sustatzeko saioak izan dituzte. Saio hauek Harremanak Elkarteko hezitzaileek eman diztuzte. Saio hauen helburua norbere burua eta autoestimua sustatzea eta besteekin harreman eraikitzaile, solidario eta osasuntsuak lortzea izan da.  

Bestetik, aste honetan DBH 2. mailako ikasleek ere antzerki foruma izan dute Baketik fundazioaren eskutik Lekaio Kultur Etxean.  

Baketik, gizarte zibilean oinarritzen den fundazioa da eraldaketa soziala bilatzen duena eta aldaketarako konpromisoetatik abiatuta gatazken konponbidea bilatzen duena. 

Ikasleek ”Sararen istorioa” antzerkia ikusi ondoren, aktoreekin eskola jazarpena gaia lantzeko aukera izan dute. Tailer honen helburua da eskola-jazarpena eta indarkeria prebenitzeko baliabideak eskuratzea, beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematea, eta enpatia lantzea. 

Ekintza osagarri honi amaiera emateko, urriaren 5ean, gelan aste honetan landutakoaren hausnarketa bideratuko da Baketik fundazioko profesionalak gidatuta. 

Asko ikasi dugun arren, harreman eta errespetua lantzen egunero jarraitu behar dugula argi geratu zaigu.