BISITARI HANKALUZEAK ESKOLAN

LH4n intsektuen sekretu biologiko harrigarrienak bertatik bertara ezagutu ditugu

Izaki bizidunei buruzko gure eskola-proiektuaren barruan, LH4ko ikasgela benetako zientzia-laborategi bihurtu da azken egun hauetan. Gonbidatu oso bereziak izan ditugu gure artean, eta aho zabalik utzi gaituzte: intsektu makilak eta marisorgin bat!


Markelek intsektu makilez beteriko terrario liluragarri bat ekarri du. Pazientzia handiz, adarren artean nola kamuflatzen diren erakutsi digu eta eskuetan hartzen utzi. Gure eskuetatik nola ibiltzen diren sentitzea esperientzia ahaztezina izan da.


Bestalde, Olatzek etxerako bidean topatutako mantis erlijiosoa tuper batean gelaratu du. Zenbat bitxikeria ikasi ditugun intsektu honen inguruan! Ba al dakizue bost begi dituztela? Eta belarri bakar bat sabelaren erdi erdian? Eta mantis erlijiosoari  euskaraz marisorgin esaten zaiola? Gertutik ikusteko aukera bikaina izan dugu, eta denok txundituta geratu gara.


Maskotatzat hartzeko gogoa sartu zaigu. Izena ere jarri diogu: Paco-Timmy. Baina animaliak aske bizitzeko eskubide osoa dutela ulertu dugu. Eta eskolako patioaren atzean dagoen lorategira joan gara. Bertan, mantisa askatu dugu bere ingurune naturalean. 


Amaiera ezin hobea eman diogu inguruneko liburutik kanpo jasotako ikaskuntza honi.