BIGARREN HEZKUNTZAKO IRAKASLEEN FORMAZIOA: BERDINENGANDIK IKASIZ

Curriculum lege berriaren aurrean formazio saioak antolatzen ditugu elkarlanean.

 

Azken ikasturteotan aurrera eraman ditugun proiektu ezberdinek agerian jartzen dute Egape Ikastola BHIren etengabeko konpromisoa hobekuntzarekin, eta hobekuntza honi eusteko ezinbestekoa da irakasleen formakuntza (“ikasten duen eskola”, alegia).

Irakasleen prestakuntza antolatzeko garaian kontuan hartzen ditugu aurreko ikasturtean klaustro mailan hartutako erabakiak, irakasleek egindako proposamenak eta baita hezkuntzatik antolatzen diren ikastaroak edota mintegiak ere.

Honen harira, Hezkuntza lege berria dela eta, iaztik murgilduta gabiltza gure egokitzapena egiten, curriculum berria aintzat hartu eta gure dokumentuak eguneratzen. 

Ebaluazioa hain gai sakona izanik, lege berriak eskatzen duen moduan, gu ere hurbildu gara ikasleak konpetentzietan ebaluatzera, aurten kalifikazioen ebaluazio txosten berria eskuratuko duzue. Halere, ebaluazio hezigarria erronka handia dugu gure aurrean eta hortan sakontzen jarraitzen dugu berdinengandik ikasiz.

Aldaketa hauen aurrean Hezkuntzak formazioa bideratu du berrikuntza eta eraldaketarako. Gure ikastolako hainbat kidek parte hartzen dute formazio saio horietan eta ondoren, jasotakoa klaustroari eskaintzen zaio. Lanketa guzti hori bereziki asteazken arratsaldez egiten da eta irakastaldeak elkarrekin hausnarketa eta erabakiak hartzeko abagune paregabea izaten dugu.