BIGARREN HEZKUNTZAKO 4. MAILAKO IKASLEEK IRTEERA KULTURALA DONOSTIAN

Ekainaren 10ean, 4. mailako plastika eta kultura klasikoko ikasleek Donostiara egin dute irteera kulturala.

 

Goizean goiz trena hartu eta lehenik eta behin Tabakaleran Julio Le Parc (Argentina, 1928) artistaren Kuboa artelana ikusteko aukera izan genuen. Kuboa 10 metroko perimetroa eta tona bateko pisua duen altzairu herdoilgaitz leunduzko 2.660 piezaz osatutako sormenlan mugikorra da.

Handik irtenda, Rafael Moneok (Tutera, 1937) diseinatutako Kursaal Auditorioa ikusi eta Paseo Berrian barrena Jorge Oteizaren (Orio, 1908 - Donostia, 2003) Eraikuntza Hutsara iritsi ginen. Oteizaren eskultura hau, Donostiaren mugarrietako batean kokatua dago, hain zuzen Erdi Aroko hiribildutik eta portutik hurbil, Donostiaren histori modernoa hasten den mendiaren magalean.

Iñigo Aristegui donostiarraren Besarkada artelana ikusiaz eman genion amaiera irteerari. Eskultura ibiltzeko modukoa da eta 200 kiloko harrizko hamalau kuboz inguratuta dago. Kubo horietan eseritzeko aukera dago eskultura ikusi ahal izateko, eta egileak dioenez, "hausnartzeko espazio bat" sortuko da. Esku-hartze horren bidez, artea eta hiri-argiztapena bateratzen dituen besarkada bat ekarri nahi du gogora, une nahasi hauetan berriz elkartzeko.