BASERRIAZ GOZATZEN

Baserria gelan: esperimentazioa eta bizitzaren zikloa

2 urtekoen gelan baserriaren gaian murgilduta gaude azken asteotan, eta esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera paregabea izan dugu. Hainbat jarduera egin ditugu: artoa aletu, lastoarekin esperimentatu, baserriko animaliak garbitu, jogurta prestatu eta baserriko hamaiketakoa egin, besteak beste.
Proiektuari amaiera berezia emateko, gelako haur batzuek ekarritako arrautzak inkubagailuan jarri genituen, eta 21 egunez arreta handiz zaindu ditugu. Egun hauetan, ilusio handiz, txitak jaiotzen hasi dira, eta bizitzaren prozesua gertutik ezagutzeko aukera izan dugu.
Oraindik ere txitei begira jarraitzen dugu: janaria eta ura ematen dizkiegu, eta maitasunez zaintzen ditugu. Gainera, izen politak jarri dizkiegu: Margari, Kaxilda eta Kokoriko.
Esperientzia honek haurrei naturarekiko errespetua, ardura eta jakin-mina lantzeko aukera bikaina eskaini die.