BASERRIA BIZITZEN, ZENTZUMENAK PIZTEN

Oinekin esperimentatzen, ahoarekin dastatzen eta lurrean ereiten

Baserriaren gaiarekin jarraituz, 2 urteko geletan bizipen eder eta esanguratsuak partekatu ditugu azken egunotan. Ibilbide sentsorialaren bidez ingurunea modu aktiboan esploratzeko aukera izan dugu, oinekin esperimentatuz, zentzumenak piztuz eta testura desberdinak ezagutuz. Era berean, elikagaiak dastatzen aritu gara, zapore berriak ezagutu eta pixkanaka identifikatzen ikasiz: zein gozoa den eztia, eta zein garratza limoia!

Horrez gain, Kairen gurasoen bisita berezia jaso dugu, eta haiekin batera baratze lanetan murgildu gara ilusio handiz. Lekaleak eta hainbat hazi erein ditugu, tartean marrubiak eta ekiloreak. Orain, gogotsu eta irrikaz gaude guk landatutako marrubiak noiz dastatuko zain.

Eguraldi onak lagunduta, eskola ingurunea arakatzen ere ibili gara. Familiek Trankatx bidea erakutsi digute, eta jostalekuko parkea ezagutzeko aukera ere izan dugu.
Esperientzia honek naturarekiko lotura sendotzen lagundu digu, eta, aldi berean, landareen zaintzaren lehen urratsak emateko aukera ederra eskaini digu.