AZAROAK 25: EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Beste urte bat gehiago, azaroak 25 eguna aldarrikatu beharrean aurkitu gara, gure gizartean emakumeen aurkako indarkeriak zoritxarrez tinko jarraitzen duelako.

 

Ikastetxeak konpromiso irmoa du berdintasunean heztekoa. Ezinbestekoa baita berdintasunezko harremanak sortzea genero indarkeria desagertzea nahi badugu.

Egun honetarako Haur eta Lehen Hezkuntzako Hezkidetza taldeak hainbat proposamen partekatu dizkigu irakasleei geletan ikasleekin lantzeko. Esaterako, abesti, bideo, ipuin… desberdinen inguruko hausnarketa egin dute eta ondoren, horiekin lotutako hormairudiak eta eskuak egin dituzte ikastetxeko pasiloak apainduz. Eguna girotzeko, egun honi erreferentzia egiten dioten hainbat abesti entzun ditugu sarrera-irteera zein patio orduetan. Bestalde, ikastetxeko irakasle zein ikasleek, morez jantzita, giza kate erraldoia egin dugu ikastetxeko frontoi handian.

Bigarren Hezkuntzan, berriz, goizeko saio bat hartu dugu ikasleekin gela guztietan aldarrikapen egun honen informazioa partekatzeko. Gaiaren alderdi desberdinak landu ditugu mailaren arabera, izan maitasun erromantikoa, izan bikote arteko harremanak, izan genero desberdintasuna eta umeak… 

Azkenik, ikasleek emakumeenganako esaldi solidario eta erreibindikatiboak idatzi dituzte paperezko esku moreetan eta guztion artean hormairudia osatu dugu.

Zoritxarrez, oraindik egun hau aldarrikatzen jarraitu behar dugu.

ERASO SEXISTARIK EZ!