AZAROAK 22: OOG 1. BILERA

Azaroaren 22an, asteazkena, ikasturte honetako 1. OOG bilera egin genuen Lizardi kaleko musika gelan.

Ikasturteko 1. bileran udaletxeko ordezkaria eta DBHko idazkari berria aurkeztu eta gero, ohikoa den moduan 1. bilera honetan, aurretik denon eskura jarritako Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 2022-2023 ikasturteko urteko planaren memoriak eta 2023-2024 ikasturterako urteko planak aho batez onartu ziren. Bestetik, iaz ikastetxeetan osatutako proiektu digitalak (IPDak) ere onartuak izan ziren.

Honetaz gain, HH-LHk Udalari egindako eskaerak aurkeztu ziren. Batetik, atezain lanpostu bat sortzea Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikinerako. Uneoro sortzen dira beharrak eta udaletxeko brigadakoek konponketak egiten badituzte ere eskolari dagokion postua sortzea beharrezkoa ikusten da. HH-LHko zuzendariak gaineratu zuen askotan, zuzendaritzako kideek euren lana utzi behar izaten dutela atezain lanak egiteko. Bestetik, Udalari eraikinak dituen berrikuntza eta mantentze lanak lehentasuntzat har ditzala eskatu zaio: teilatuaren isolamendua eta komunen berritzea eta estolderiaren arazoa konpontzea. Isolamenduaren arazoa larria da (hotza neguan, udan beroa), langileak eta ikasleak pairatzen ari dira urteetan.

Udaletxeko ordezkariaren arabera atezainaren posturako aurrekonturik ez dago. Udala saiatuko da arazo puntualei irtenbidea ematen. Isolamenduaren arazoarentzat konponbidea bilatuko dela aipatu zuen ere.  

Xoxokatik datorren autobusaren arazoa jarri zen mahai gainean: autobusaren geltokitik ikastolara iritsi arte haurrek bi aldiz pasa behar dute errepidea. Udalak beste toki batean geratzeko aukera eman du baina irtenbide hau ez da egoki ikusi. Beraz, oraindik irtenbidea bilatu nahian dabiltza.

Egape Ikastola berriaren inguruan azken berriak aurkeztu ziren. Kontratazioan dago lehiaketara ateratzeko, baina ekonomikoki kostu handikoa denez Kontratazio Mahai Zentrala arduratzen da kudeaketaz. Hortaz, epeak luzeagoak dira. Lizitazio prozedura osoak urtebete baino gehiago iraun dezake. Dena ondo badoa, obra 2024ko urtearen bukaeran hasi daitekeela uste da. Bestalde, patioaren inguruan, Udalak hiru fasetan egitea erabaki du. 1. fasearen aurrekontua onartu da eta obra lizitaziora atera da. Fase honetan, lurren mugimendua eta saneamendu lanak burutuko dira. Beste faseak eraikina erabat amaitu arte ezingo dira garatu, karretera behar delako eraikina egiteko.

Haur eta Lehen Hezkuntzako jangela izan genuen hizpide. Jangela kudeatzen duen enpresa aldatu dela eta,  ezinegona sortu da. Ausolan beharrean Serunionek hartu du jangelako kudeaketa. Komunikabideetan enpresa honi buruzko albisteak entzun dira eta HH-LHko zuzendaritzak argitu du ikastolan gaur arte ez dela inzidentziarik gertatu eta jangelako langileak erne daudela. Lehengaiak ekartzen dira eta eskolan bertan sukaldatzen da. Produktu berri batzuk sartu dituzte menuan eta bazkaltiarrek horietara egokitzeko denbora behar da. Aldaketa guztiek bezala, honek ere egokitzapena eskatzen du guztion aldetik eta edozein inzidentzia dela, dagokionari jakinaraziko zaio.

Azkenik, datorren ikasturtean HH-LHko zuzendaritza talde berria egongo da, lau urtetarako proiektu berria aurkeztuko dute. Zuzendaritza Proiektua garatu ahal izateko, galdetegiak pasako zaizkie irakasleei, gurasoei eta  udalari.