ARLOARTEKOTASUNEAN URRATS BAT GEHIAGO

“Gazte euskaldunekin elkartrukean” diziplinarteko proiektu berria gauzatu dute DBH 1. mailako ikasleek.

 

Hezkuntzaren eraldaketarako testuinguruan, Egape ikastolako irakasle taldea buru-belarri dihardugu, besteak beste, ikas-egoerak sortu eta inplementatzeko lanetan. Aurreko ikasturteetatik datozen helburuei jarraipena eta bultzada emanik, DBH 1. mailarako proiektu berria sortu eta martxan jarri dugu lehen hiruhilabetean. 

“Gazte euskaldunekin elkartrukean” izeneko proiektuak hiru jakintzagaiek, Euskarak, Matematikak eta Geografia eta Historiak,  batera lan egiteko aukera eman du. Proiektu berria ez da zerotik abiatu, hiru ikasgaietan aurretik lantzen ziren ikas-egoerei arloarteko ikuskera eranstea izan da gakoa. Modu horretan sortu da gazte euskaldunen arteko elkartrukea ardatz duen proiektua. 

Ikasleek hiruhilabetean zehar ikasgaietan oinarrizko jakintzen bidez konpetentzia espezifikoak eskuratu ondoren, askotariko ezagutzak eta trebetasunak aldi berean aplikatu behar izan dituzte proiektuaren zereginak burutzeko. Horrela ba, modu antolatu, koordinatu eta kooperatiboan lan eginez, Iruñeako Jaso ikastolako adin bereko gazteekin e-posta bidez harremanetan jarri dira.

Informazio trukeari esker elkar ezagutzeko aukera izan dute eta haien hirira irteera prestatu dute (ekintzak aukeratu, egitaraua prestatu, garraioa lortu, aurrekontua egin, ibilbidea osatu). Hiriaren mapa eta ingurune fisikoaren inguruko azterketa bat ere osatu dute. Trukakideen hirirako bidaia–egitasmoa gelakideen aurrean aurkeztu dute, euskarri digitalaz baliatuz. 

Astelehenean, abenduaren 18an, gauzatu zen Iruñean elkartruke erreala, DBH 1. mailako Egapeko gazteak eta Jaso ikastolakoak elkarrekin eman baitzuten eguna eta, besteak beste, haien harremana sendotzeko aukera izan zuten.