ARCACHONERA IRTEERA

Frantsesa praktikan jartzeko aukera paregabea!!!

 

Asteazkenean, maiatzak 20, Egapeko DBHko lau mailetako frantseseko ikasleak Arcachonera joan ziren egun pasa. Guztira 50 ikasle elkartu ziren eta hiru irakaslerekin batera, egun paregabea pasa zuten ikasturtean zehar ikasitako hizkuntza praktikatzen.

Atzerriko hizkuntzen irakaskuntza eskolako ardatzetako bat izanik, aukera ezinhobea izan zuten ikasleek frantses kulturan murgiltzeko eta hizkuntzarekin harremanetan egoteko.

Goizeko 8:00etan atera eta autobusez joan ziren “Dune du Pilat” deritzona ikustera. Europako dunarik handiena da hau eta bertatik Landetako pinuz beteriko basoak ikus daitezke alde batean eta itsasoa bestean. Bistak paregabeak dira eta ikasleek primeran pasa zuten dunara igotzen eta hondarretan korrika eta saltoka.

Jarraian, ondoan dagoen Arcachon herria ezagutzeko aukera izan zuten. Bertan, eguraldia lagun, “Parc Mauresque” deritzon parkean bazkaldu zuten belarretan eta zuhaitzez inguraturik, eta bazkalostean, “Jeu de pistes” edo pista jolasari ekin zioten taldetan banatuta. Talde bakoitzak pista batzuei jarraitu eta zeregin batzuk burutu behar izan zituen frantsesa erabiliz eta herrian dauden kale eta monumentu nagusiak bisitatuz. Ikasleek kaleen izenei, jatetxeetako menuei, dendetako kartelei eta abar erreparatu behar izan zieten pistaz pista zereginak bete ahal izateko, eta argazki eta bideoekin osatu behar izan zuten lana.

Ikasleentzat esperientzia ederra izan zen Arcachonen pasatako eguna eta baita frantses hizkuntza eta kultura gertuagotik ezagutzeko aukera ezinhobea ere.