ANTZERKI-FORUMA: INDARKERIA ETA JAZARPENA ANTZERKIAREN BIDEZ PREBENITUZ

LH 5. eta DBH 2. mailako ikasleak eta tutoreak antzerki-forumaren jardueran parte hartu dugu.

Irailaren 20an LH5A eta 5B gelako ikasleek eta irailaren 24an LH5C gelakoek antzerki foruma izan genuen. Jazarpenaren inguruko antzezlan bat ikusi genuen lehenengoz, eta horren inguruan hitz egin ondoren, amaiera ezberdin bat izateko (hobea) zer egin genezaken, edota zer egin behar den ikusi eta ikasi genuen. 

Istorioan ere esku hartu genuen, egoera/ momentu batzuk antzeztuz, eta egoera atsegin eta desatseginak identifikatu genituen. Tailer interesgarria iruditu zaigu. Oso gustura egon ginen Arkaitz eta Aintzanerekin.

Irailaren 27an, berriz, Bigarren Hezkuntzako 2. mailako bi taldeek eta tutoreek, antzerki-foruma jardueran parte hartu dugu. Lekaion, bi aktorek, zorigaiztoko bukaera duten jazarpenaren inguruko antzespenak egin dizkigute. Ondoren, amaiera positiboago batera bideratzeko zein elementu aldatu behar diren aztertu ditugu. Momentu horretan ikasleak istorioaren parte sentituz ikusi nahiko genituzken aldaketak adierazi ditugu, narrazioan esku hartuz. Honela, antzezpen honekin, maila emozionalean eta baita fisikoan ere inplikatu gara antzerkiaren bitartez egoera atsegin eta desatseginak identifikatu eta sentituz. 

Ondoren, urriaren 2an, jardueraren bigarren zatia egingo da. Talde bakoitza, tutorea eta antzerki-forumeko profesionalarekin elkartuko gara indarkeria eta jazarpenaren inguruko hausnarketa egin, ondorioak atera eta bizikidetza hitzarmena osatzeko helburuarekin.

Jarduera amaitzean ikasleak euren buruarekiko seguruago sentitzea da helburua, aldaketak sortzeko eta hauek aurrera eramateko gai izan daitezen.