ANIZTASUNETIK ERAIKIZ PROGRAMAREN ITXIERA EKITALDIA

DBH 4. mailako ikasleek hiru urteko lanketaren ondoren, Aniztasunetik Eraikiz programaren topaketan parte hartu dute Azpeitian kokatutako Gure Zirkuan.

Ikasleek aniztasunaren eta giza eskubideen aldeko konpromisoa hedatzeko Aldundiak abiarazitako Aniztasunetik Eraikiz programa pedagogikoa 2021-2022 ikasturtean hasi zuten. Programa hiru urteko lanketan garatu dute, DBHko 2. mailatik hasita. Urte bakoitzean lan ildo bat jorratu dute eta hainbat gaitasun garatzeko ariketak burutu dituzte: aniztasuna eta enpatia lehen urtean, giza eskubideak eta partaidetza bigarrenean, eta gorroto mezuak eta sormena hirugarrengoan. Azken fase horretan, aurten, hain justu ere, aurreko urteetan landu dutena kontuan izanik, komunikazio kanpaina baterako edukiak sortu eta garatu dituzte Egapeko gazteek.

Gaiaren inguruko hausnarketa egiteaz gain, pertsona eta elkarte ezberdinak gelara eraman ditu programa honek. Azken horiek, beren esperientziatik eta bizipenetatik abiatuta, ikasleekin solas egin dute, beren errealitate anitzetatik sentitzen dutena eta bizi izan dutena ikasleei azalduz. Aniztasunarekin, diskriminaziorik ezarekin eta giza eskubidekin konpromisoa bultzatu nahi izan da ikasleen artean, agente aktibo bihurtuz.

Ikastetxean tutoreak izan dira hiru urte hauetan zehar ikasleekin saioak bideratu dituztenak. Saio horiek gauzatzeko, urtero Foru Aldundiak prestatutako oinarrizko materiala erabili da, ikastetxearen eta herriaren ezaugarrietara egokitua

Ekainaren 14an Egapeko ikasle zaharrenek programaren topaketa eta itxiera ekitaldian parte hartu dute Azpeitiako Gure Zirkuan.