ALDUNDIKO “ANIZTASUNETIK ERAIKIZ” PROGRAMA BALIO ETIKOAK ARLOAN

DBH 2. mailako ikasleek Medoune Seye eta Ines Miguelañez ezagutu dituzte Lekaion eta bere bizipenen inguruan solasean aritu dira.


Gazteen artean «aniztasunaren aldeko konpromisoa» indartzeko helburuarekin, “Aniztasunetik Eraikiz” programa abiarazi du ikasturte honetan Gipuzkoako Aldundiak eta bertan parte hartzea erabaki genuen. Balio etikoetako irakasleak zuzentzen du proiektua.

Egitasmoak hiru urteko lanketa eskatzen du. DBHko bigarren mailatik hasita, urte bakoitzean lan ildo bat jorratuko da, migratzaileen, dibertsitate funtzionala duten herritarren eta LGTBIQ+ pertsonen eta gutxiengo etnikoen errealitatearen berri emanaz gazteei. Honela, aniztasuna eta enpatia lantzen ari gara aurten, giza eskubideak eta partaidetza bigarren urtean landuko ditugu eta gorroto mezuak eta sormena hirugarrenean. 

Metodologiari dagokionez, hiru atal bereizten dira: aztertu, sentitu eta konprometitu. Gaiaren inguruko hausnarketa egin ostean, pertsona ezberdinen testigantzak bideoetan entzuteko aukera izan dute gure ikasleek. Horietako bik, asteazken honetan, martxoak 23an, etorri zaizkigu Lekaiora Pello Sarasua proiektuaren arduradunarekin. Medoune Oñatin bizi da gaur egun eta duela 12 urte etorri zen Senegaletik eta Inesen semea gay-a da; lehen eskutik beren esperientzietatik eta bizipenetatik abiatuta, ikasleekin solas egin dute beren errealitate anitzetatik sentitzen dutena eta bizi izan dutena ikasleei azalduz. 

Hemendik aurrera proiektua garatzen jarraituko dugu ekimen ezberdinak martxan jarriz.