5 URTEKOAK ADARRAZPIN

Egun zoragarria pasa zuten txikiek Xoxokan.

Aurreko maiatzaren 24an eguraldiak plana zapuztu bazuen ere, gaurkoan ez du aitzakiarik izan giroak eta 5 urtekoek egin dute merezia zuten irteera Adarrazpira. Eguzkiak lagun, autobusean joan dira Adarrazpi gaztandegira. Bertan ardiak nola jeizten diren erakutsi diete lehenik. Erne egon dira azalpenei eta adi aurrean zutenari begira. Ikuilura sartu dira ondoren, eta ardiek zer jaten duten, nola bizi diren eta zein den euren egunerokoa azaldu diete. Artzain-txakurrak lagun, artaldea atzetik zutela, zelaira eraman dituzte eta bertan utzi dituzte. Gaztandegira itzuli eta ardien esnearekin gazta freskoa nola egiten den ikusteko aukera izan dute eta baita bakoitzak bere gaztatxoa egiteko ere. Hamaiketakorako tartea ere izan dute eta gazta eta ogiarekin tripa bete ostean, Xoxokarantz abiatu dira. Xoxokako eskolan pasa dute eguerdi partea, makilekin jolasean, parkean eta baita korrika saioak eginez ere. Bazkalostean, berriz ere autobusean itzuli dira herrira eta bakoitzak egin duen gazta freskoarekin etxera. Ederra izan da lagunartean eta jolasean pasa duten eguna. Aurtengo ikasturteak egin du berea, datorrenean gehiago izango dituztela egon ziur!