1984 LIBURUAREN IRAKURKETA INGLESEZ

DBH 4. mailako ikasleek bigarren hiruhilekoan George Orwellen 1984 liburuaren bertsio egokitua irakurri behar izan dute ingeleseko ikasgaian. 6 astez liburua irakurtzen eta lantzen aritu dira.


Hasiera batean, entzumen ariketa baten bidez, liburua nola hasten zen ezagutu zuten, eta, hori entzun ondoren, ikasleek zenbait hipotesi eta teoria landu zituzten liburuak zein gai jorratzen duen asmatu nahian. George Orwell idazlearen berri ere izan zuten. Ondoren, hiru kapitulu labur irakurri behar izan dituzte astero, eta haien inguruan eginiko galderak eta proposatutako hausnarketak egin behar zituzten indibidualki. 1984 liburuko protagonista den Winston Smith bezala, haiek ere eguneroko berezi bat hasi ziren idazten: irakurritakoaren inguruko gogoetak ez ezik, haien bizipen pertsonalak ere jaso zituzten.


Amaitzeko, 1984 liburuaren irakurketa-hausnarketaren egunerokoa idatzi behar zuten,  eta une batez, George Orwellen rola hartuta, ikasleak idazleak izan dira. 
Karmele Jaiok idazleak honela dio: ”Nola eguneroko bizitzan askotan gabiltzan bisuteriazko hitzekin, eta nola idazketan bat-batean agertzen diren benetakoak. Idazketa,  zure egiak agertzen diren lurralde bezala”. Eta ikasleak beren egia azaldu dute beren idazketan,  beren eguneroko pertsonalean. Oso gogoeta eta komentario originalak egin dituzte, eta oso aberatsa izan da jarduera.