KARLA MEZA-Gure hizkuntz laguntzailea

Aurten Egape Ikastolara hizkuntz laguntzaile amerikarra etorri zaigu DBHko ikasleekin ingelesa aho hizkuntza praktikatzera.

Egapek hizkuntz laguntzaile bat izan du azken lau urteetan, ikasleek hartu-emanak ingelesez ahalik eta era naturalagoan izaten laguntzeko. Iaz, gure artean Keith Kuslak izan genuen, eta aurten Karla Meza etorri da. Karla Renokoa da, Nevadakoa hain zuzen, eta, hori dela eta, hainbat aipamen egin zizkien 4 DBHko ikasleei euskal diasporari buruz. Horretarako, batetik Robert Laxalten Sweet Promised Land aipatu zuen eta bestetik Asun Garikanoren Far Westeko Euskal Herria liburuko hainbat argazki erabili zituen, komentarioak egiteko eta bere herriari erreferentzia egiteko.

Karla eskulanak egiten aritzen da 3. DBHko ikasleekin. Modu horretan, ikasleek aukera ezin hobea dute berarekin ingelesez hitz egiteko. 1. DBH eta 2.DBHko ikasleek, berriz, beste bide batzuk lantzen dituzte, eta Karlarekin sakontzen dute ingelesean, bai hiztegia ikasiz eta bai ikasitako egiturak praktikatuz.

Karla oso ongi moldatzen da ikasleekin, eta ikasleek segituan sumatzen dute haren falta etortzen ez denean. Argi dago oso sintonia ona lortu duela Egapeko ikasleekin, eta zorionekoak gara, datorren ikasturtean gurekin berriro aritzeko eskaera egin baitu Karlak. Oso gustura dagoen seinale! Ingelesez esaten den bezala, we’ll keep our fingers crossed eta espero dugu berriz gurekin aritzea.