2020-2021 IKASTURTEAN ERE KOMUNIKAZIOA BOLETINAREN BITARTEZ

Aurreko ikasturtean bezala Egape Ikastolako boletina ostiralero zabalduko zaio eskola komunitateari.

Albistegi Digital honek 2020/2021 ikasturteko asteroko komunikazioaren hitz orduari hasiera ematen dio. Egape Ikastolako Zuzendaritzak eskola-komunitate osoari posta elektronikoz astekari digitala bidaltzeko konpromisoa hartu zuen duela hiru urte. Horrenbestez, ikasturte honetan ere, ostiralero jasoko duzue ikastolaren egunerokoaren informazioa laburbilduta, ikasmailaz antolatua eta argazki bilduma zabalarekin.  

Bide batez, Egape Ikastolako langileria osatzen dugun administrari, garbitzaile, sukaldari, atezain eta irakasle taldeak ikasturte on bat opa nahi dizuegu. 

Gogoz eta indartsu gaude guztiok erronka berriei elkarrekin aurre egiteko. Ikasturte bereziari eman diogu hasiera, errealitate berri honek kezka ugari sortzen dizkigu, baina denok elkarrekin sortzen zaizkigun arazoei ahal dugun modu egokienean aurre egingo diogulakoan gaude. 

Hezkuntza Sailak  eta Lan Arriskuen prebentzioko zerbitzuak adierazitako protokolo eta jarraibideetan oinarrituz, Egape ikastolak etapa bakoitzerako kontingentzia planak osatu ditu ikas-komunitatearen  segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Honela higiene neurri zorrotzak mantenduz eman diogu hasiera ikasturteari jakinda arriskua ezin dugula erabat sahiestu, eskola batez ere elkarbizitza eta harremanetarako gunea baita.

Gure aldetik, egoerak eskatzen dituen neurriak ezarriko ditugu beti ere, gure balore eta ildo pedagogikoei hutsik egin gabe. Guztion ahalegina eta konpromisoa ezinbestekoak izango ditugu ahalik eta modu egokienean egoerari aurre egiteko.